Zorion Barandiaranek irabazi du Zegama-Aizkorri 2021

 

Zegama-Aizkorri 2021 mendi maratoia amaitu da. Hiru hilabeteren ondoren, aurtengo edizioak atzo izan zuen azken eguna. Zorion Barandiaran Larrea Zegaman bizi den ataundarrak eta Ana Ramos Alonso murgiarrak irabazi dute aurtengo mendi maratoi ezaguna, ibilbidea azkarren osatuta. Barandiaranek 5 ordu 7 minutu eta 39 segundotan egin zuen ibilbidea, eta Ramosek 7 ordu 45 minutu eta 37 segundotan.

Guztira 558 lagunek eman dute izena aurtengo mendi maratoian parte hartzeko. Edizio berezia izan da, hiru hilabete izan baitituzte proba egiteko. Uztailaren 1ean hasi zen, eta atzo amaitu. Berezia izanik ere, parte hartzaileak gustora agertu direla azaldu du Maialen Arizkorreta antolakuntzako kideak. Izan ere, ez da izan zozketarik aurten eta edonork izan du parte hartzeko aukera. «Askorentzako hainbeste urtetan zozketan izena eman eta ez tokatze horrekin arantzatxoa kentzeko aukera izan da».

42 kilometroak etapaka edo osorik egiteko aukera izan dute kirolariek. Adin desberdinetako partaideak izan dira, gazte zein heldu. «Beste askorentzako haien buruari jarritako eta bete beharreko erronka izan da».

 



Sancti Spirituko proba

Maratoiaz aparte, berritasun bat izan du aurtengo edizioak. Stravaren bidez, erronka bat jarri zuten martxan uztailaren 15etik abuztuaren 15era: Sancti Spiritu inguruko 180 metroak ahalik eta azkarren igotzea. Proba horretan 211 lagunek parte hartu dute, 241 saiakera eginez, pertsona bakoitzak nahi adina alditan igo baitzezakeen aldapa. Gizonen artean, Araiako Carlos Antonio Jimenez izan da Sancti Spirituko probako irabazlea, minutu bat eta 15 segundorekin. Emakumeen artean, berriz, Segurako Aiara Garaialde izan da aldapa azkarren igo duena, minutu bat eta 39 segundorekin. Salomoneko materiala jasoko dute.

Goierrin geratuko da beraz maratoiko txapeletako bat aurten, eta baita Sancti Spirituko sarietako bat ere.